Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Igeldo
2008ko uztailak 9, Asteazkena

;2008-04-19;´Baikorrak izan behar dugu, legea alde dugulako». Aldundiak aurten bertan segregazio eskaeraren inguruan erabaki lezakeela uste du Herri Kontseiluak. JUAN KARLOS IZAGIRRE õ . Herri Kontseiluko kidea

juan karlos izagirre ðHerri Kontseiluko kidea

«Baikorrak izan behar dugu, legea alde dugulako»

Igeldo

Aldundiak aurten bertan segregazio eskaeraren inguruan erabaki lezakeela uste du Herri Kontseiluak.

raul perez

Aste nahasia izan da Igeldon. Astelehenean Herri Kontseiluak agerraldia egin zuen Toki Entitate Txikiaren bidea «bukatutzat» eman eta Donostiatik banatzeko eskaerari berriz ere helduko ziola iragartzeko. Bi egun geroago, Aldundiak Igeldoren eskaera «erreskatatu» egingo zuela esan zuen, aztertzeko. Aldundiaren erabakiak Herri Kontseilua poztu egin du. Baikorrak dira, baina era berean zuhur jokatu nahi dute.

Aldundiak segregazio eskaerari helduko diola iragarri zuen asteazkenean. Nola hartu duzue albistea ?

Auzia desblokeatzeko asmo horrek poztu egiten gaitu, baina iragarpenak ez du besterik esan nahi. Prozesu bat ixteko dagoela, besterik ez.

Astelehenean prentsaurrekoa eman zenuten Toki Entitate Txikiaren bidea agortutzat ematen zenutela iragartzeko eta bi egun geroago iritsi zen Aldundiaren iragarpena. Harritu al zaituzte horrek?

Guk prentsaurrekoan esan genuen bukatutzat ematen genuela Toki Entitate Txikiaren bidea eta Aldundiak berak ere, bide hori ez duela balio ikusirik, auzia desblokeatzeko beste bideari ekin dio; logikoa da.

Aldundiak Toki Entitate Txikia egokia izan zitekeela esan du.

Irudipena dut jende askok sinetsi izan duela horretan, baina Diputazioak berak ere ikusi du ez dagoela borondate politikorik Toki Entitate Txikiarekin aurrera egiteko. Bat gatoz pertzepzio horrekin.

Aldundiak segregazio eskaerari helduko ziola iragarri zuen egun berean Odon Elorza alkatea independentziaren kontrakoa dela esan zuen.

Alkateak dio ez dagoela argumenturik, baina guk eduki baditugu argumentuak eta Aldundiak aztertu beharko ditu. Udalaren jarrera ez zaigu zuzena iruditzen; ez daki gaia zertaz doan edo ez du jakin nahi, baina argudioak egon badaude. Alkatea ez da inor gure auziaren inguruan erabakitzeko.

Eskaera aztertzeko zenbat denbora beharko duten ba al dakizue?

Guk egutegi moduko bat finkatuta genuen, ahaldun nagusiarekin eta gainerako alderdiekin elkartzeko. Egutegi horri eutsiko diogu, eta gure ustez aurten hartuko dute erabakia. Guretzat premiazkoa da, izan ere, hor dago Plan Orokor berria eta horrek eragin nabaria izan lezake Igeldon. Pausoa eman beharra dago Igeldo desitxuratu aurretik. Gainera, gaia ez da zertan atzeratu; egindako kontsulta baten arabera, Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezakegu, hark Aldundiari agindu diezaion 2003ko epaia betetzeko ¬epaia hark Igeldoren eskaera 1995an indarrean zegoen arauari jarraiki aztertu behar zela zioen¬.

Zer uste duzue erabakiko duela Aldundiak?

Baikorrak izan behar dugu. Uste duzunean legea zure alde dagoela eta herri baten gehiengoaren babesa duzula baikorra izan behar duzu. Eskaera egin genuenean indarrean zegoen legea erabili behar dute gaia aztertzeko eta lege hura betetzen dugu; lege hark ez zuen gutxieneko biztanle kopururik zehazten banatzeko.

############

13 urteko bidea

1995eko otsaila. Igeldok segregazio eskaera ofiziala egin zuen udaletxean.

1995eko apirila . Foru Arau berria onartzen da. Udalak, foru arau berria aintzat hartuta, ezezkoa eman zion Igeldoren eskaerari. Hori horrela, Igeldok errekurritu egin zituen bai Udalaren erabakia baita foru araua bere osotasunean ere. EAEko Auzitegi Nagusiak igeldotarrei arrazoia eman zien; ezin zitzaion geroztik ateratako legea aplikatu eskaerari. Foru Arau berria ere bertan behera utzi zuen. Hori hala, Udalak eta Aldundiak Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten.

1999ko iraila. Udalbatzak segregazio eskaera tramitatzea erabaki zuen, EAEko Auzitegi Nagusiak aginduta eta kontrako botoa arrazoitzeko txostena aurkeztu zuen .

1999ko azaroa. Foru Aldundiak Igeldoren segregazio espedientea etetea erabaki zuen, Espainiako Auzitegi Gorenak epaiak eman arte.

2002an eta 2003an . Auzitegi Gorenak epaiak plazaratu zituen eta Igeldoren aldekoak izan ziren. Hau da, igeldotarrei 1995ean indarrean zegoen legea aplikatu behar zitzaiela erabaki zuen auzitegiak.

############

############

Jende askok sinetsi du Toki Entitate Txikian, baina Aldundiak berak ikusi du ez dagoela borondate politikorik

############

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.