
«Toki Entitate Txikia baztertu eta segregazioaren bidea hartuko dugu berriz ere»
Igeldo
Udal Gobernuarekin «guztiz etsituta» daudela esan du Herri Kontseiluak.
raul perez
Igeldoko Herri Kontseiluak Toki Entitate Txiki bihurtzeko bidea baztertu eta Donostiatik banatzeko bideari ekingo dio berriz ere. «Udalak 1998an Toki Entitate Txiki bihurtzeko proposamena egin zigun eta bide alternatibo hori iruzurra da; ez dugu antzerki zakar horretan jarraitzeko asmorik. Igeldok egin duen eskaera ofizial bakarra 1995ean egin zuen;segregazioaren aldekoa izan zen eskaera hura eta berriz ere ekingo diogu», azaldu du Herri Kontseiluak.
Igeldoren balizko autonomia maila ez da gai berria inondik ere. 1994tik igeldotarrek galdeketa egin zutenetik askotan izan da mahai gainean. Joan den astean, EAJk eta EAk Igeldo Toki Entitate Txikia izan dadin borrokatuko direla esan zuten. Igeldoko Herri Kontseiluko kideek hitz egin zuten atzo, Itsas Aurre etxean. «Oso etsituta gaude Udal Gobernuarekin. Urte eta erdi daramagu bilera baten zain eta ez digute eman nahi. Honenbestez, Toki Entitate Txikiaren bidea bukatutzat eman dugu eta segregaziori ekingo diogu berriro ere».
1995ean segregazio eskaera
Igeldok bide luzea hasi zuen 1994an. Herri galdeketa egin zuen orduan eta herritarren %62 Donostiatik banatzeko prest azaldu zen. Hurrengo urtean, 1995ean, Igeldok Donostiatik banatzeko eskaera ofiziala egin zuen. Eskaera horrek bide aldapatsua egin du orduz geroztik. Foru Aldundiak du azken hitza. «Aldundia eta gu ez gentozen bat. Haiek arau bat aintzat hartu nahi zuten ¬arau horren arabera Igeldok ez zituen baldintzat betetzen burujabe izateko- eta guk beste bat. Azkenean, 2003an, auzitegiek guri arrazoia eman zigun nolabait eta Aldundiari erabakia hartzeko agindu zion. Guk, ordea, etenaldi bat eskatu genuen, Igeldori buruz aurretik genituen datuak gaurkotzeko. Aldundiarengana joko dugu berriro ere erabakia har dezaten. Aldundiaren esku dago erabakia hartzea, ez Udalaren ez beste inoren esku».
Toki Entitate Txikia, 1998an
Denbora tarte honetan, segregazioaren gaia ez atzera ez aurrera egon denean, Toki Entitate Txikiaren gaia sortu zen. «Udalak proposatu zigun, alternatiba bezala, 1998an. Proposamena Igeldok duen herri nortasun propioan eta eman beharreko herri tratamentuan oinarritzen zen eta egun udaletxean dauden alderdi guzti-guztiak ados zeuden», gogora ekarri du Herri Kontseiluak.
'Hirigintza interesak' tartean
Igeldok «adostasunerako borondatea erakutsiz» Toki Entitate Txikiari buruz hitz egiteko prest azaldu zen, «herri gisa funtzionatzeko era egokia izan zitekeelakoan, beti ere segregazio prozesua bideratzen zen bitartean». Urte hauetan guztietan Udala izan da, «behin eta berriz» Toki Entitate Txikia baztertu duena, beti ere Herri Kontseiluaren arabera, eta hori dela-eta «bukatutzat» eman dute bide hori. 1999 eta 2003 urte bitarteko agintaldian batzorde bat ere osatu zela gaineratu du Herri Kontseiluak. «Udal ordezkariak eta Herri Kontseiluko ordezkariak zeuden batzorde horretan. Aurrekuntua finkatzea baino ez zen geratzen. Gure ustez, beldurra sartu zitzaien, Igeldoren eremuaz jabetu zirenean. Haiek prest zeuden Toki Entitate Txikiarekin aurrera egiteko, baldin eta onartzen bagenuen Igeldo bakarrik itsasora ematen zuen aldea zela. Alegia, Igarara ematen duen aldea Donostiako parte izatea nahi zuten. Horren atzean hirigintza interesak zeuden».
Herri Kontseiluak dei egin die «Igeldorengan sinesten duten alderdiei eta Aldundian agintzen duten EAri eta EAJri koherente izateko» . Finean, segregazioaren alde egin dezaten nahi dute. «Herriaren borondatea errespeta dezaten nahi dugu, eta Udalak Igeldorekiko duen jarrera ikusita, erdibideko irtenbideak alde batera utzi eta Igeldoko segregazioaren alde egin dezatela».
############
Segregazioa eta Toki Entitate Txikia aurrez aurre
Toki Entite Txiki eta udalerri izatearen artean bada aldea. Igeldo Donostiatik banandu eta udalerri bihurtuz gero, udaletxea izango luke . Toki Entita Txiki bilakatuta, aldiz, Donostiako Udalaren menpe egoten jarraituko luke, baina eskumen jakin batzuk iedukita.
Duela hiru urte Herri Kontseiluak azterketa eskatu zion enpresa bati eta emaitza horiek publiko egin zituzten. Azterketa haren arabera, Igeldok nahikoa baliabide bazituen burujabe izateko.
############
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.