
Igeldon toki entitate txikia osatzeko borrokan jarraituko dute EAk eta EAJk
Partaidetza
Herri Kontseiluko kideek Igeldoren segregazioa lortzeko borondate politikorik ez dagoela salatu dute.
xabier etxabe
Igeldon toki entitate txikia sortzeko batzordea osatzeko proposamena jarri zuen EAk mahai gainean. Udal Gobernuaren eta PPren botoek, ordea, EAren proposamena atzera bota zuten ostiraleko udalbatzarrean. Igeldoko toki entitate txikia sortzearekin desadostasuna adierazteko Odon Elorza alkateak erabilitako hitzek, gainera, haserrea piztu dute EAren eta EAJren artean.
EAren bozeramaile Jaione Arratibelek gogoratu duenez, «toki entitate txikia alderdi politiko batzuen mesedetarako sortutako txosnan bihurtuko zela esan zuen Elorzak udalbatzarrean». Igeldoko Herri Kontseiluko kideak, era berean, Udal Gobernuaren jarrerarekin harrituta daude, urtetan toki entitate txikia sortzeko aldeko jarrera egun batetik bestera alboratu dutelako.
Udal Gobernuaren jarrera ez korra ikusita, EAJk eta EAk Igeldon toki entitate txikia sortzeko ideiarekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu dute. Izan ere, «toki entitate txikiak Udaleko Idazkaritzaren babesa du», azpimarratu du EAJren bozeramaile Xabier Ezeizabarrenak.
Hamar urte toki entitatea osatzeko borrokan
Udaleko Idazkaritzak, hain zuzen, 1998. urtean Igeldon toki entitatea egitearen aldeko txostena prestatu zuen. Lau urte beranduago, Igeldoko Herri Kontseiluko kideek eta udal ordezkariek lan taldea egituratu eta entitate txiki honek izango lituzkeen eskumenak zeintzuk izango ziren zehaztu zituzten. Bilera hauen bidez, toki entitate txikiaren zirriborroa eratu zuten. 2003an, Igeldoko toki entitate txikiari bultzada emateko eta gaiari jarraipena egiteko batzorde berezia sortzeko zuzenketa adostu zuen Udalbatzak, hartatik, ordea, ez da «ezertxo ere jakin», adierazi du Arratibelek.
Igeldoko Herri Kontseiluak 2003an ere bi galdera egin zituen toki entitatearen zirriborroari gehitzeko, «ordutik ia bost urte inguru pasatu dira eta zirriborroak udal ordezkariren baten kaxoian dago ahazturik» dio Juan Karlos Izagirre Igeldoko Herri Kontseiluko kideak.
Igeldoko toki entitate txikiaren hurrengo atala 2005ean izan zen. Udalbatzak gaia eztabaidatu zuen baina Udal Gobernuak barrutien alde egin zuen. «Barrutiak, ordea, ez dira sortu eta ez dago hauek sortzeko asmorik ere ez», azaldu du Arratibelek.
Herri kontseiluaren haserrea
Urtetako negoziazioak ez duela emaitzarik eman salatu du Izagirrek. «Igeldotarrek segregazioa nahi dute eta urtetako negoziazioen ondoren udalerria sortzeko zirriborroak ez du aurrera egin».
Udalak igeldotarrei huts egin diela salatu dute, urte bete baino gehiago baitaramate Auzoetako zinegotziarekin, Duñike Agirrezabalagarekin, bilera bat antolatu nahian. Oraindik ez dutela harremanetan jartzerik lortu adierazi du Herri Kontseiluko kideak. Igeldo deszentralizatzeko inongo borondate politikorik ez dagoela zehaztu du Izagirrek, halaber.
EAJren bozeramaileak ere zalantzan jarri du Udal Gobernuaren borondate politikoa. Besteak beste, PSE-EEk eta EB-Aralarrek Udal Gobernua osatzeko hitzarmenean toki entitate txikia sortzea burutu beharreko eginkizunen artean barneratu zutelako.
Era berean, aurtengo aurrekontuetarako Igeldoko toki entitatearen aldeko zuzenketa egin zuela eta Udal Gobernuak aurrekontuan gehitu zuela adierazi du Arratibelek. «Toki entitate txikia sortzeko zuzenketa aurrekontuan sartzeari baiezkoa eman zion Udal Gobernuak gaiari laister irtenbidea emateko».
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.